Birding - valderejoparkea
Birding valderejo eu

Birding – Hegaztiak behatzea
Hegaztiak behatzea — birdwatching edo birding bezala ere ezaguna — gero eta jende gehiago erakartzen duen ingurune naturalaz gozatzeko modu bat da. Valderejon ondare ornitologiko aberatsa dugu, ibilbide, behatoki eta gune egokituetatik ikus daitekeena.
Parkeko lurraldean barreiatuta, inguruko sai arre kolonia handiena hartzen duten kareharrizko hormatzarrak aurki daitezke, baita beste hegazti harkaiztar batzuk ere, hala nola belatxinga mokogorriak eta mokohoriak, sai zuriak, belatz handiak eta arrano beltzak. Hegazti hauek maiz egoten dira Arzena mendizerrako larre eta txilardietan janari bila; bertan bizi dira, halaber, beste hainbat txori, esaterako, buztanluzea edo mendi-berdantza.
Parkeko magalak arte, ametz, pago eta pinu gorrien baso zabalek estaltzen dituzte, eta baso-harraparien babesleku dira, hala nola arrano sugezale, aztore edo zapelatz liztorjalearena. Bailararen sakonean, landa-eremuak paseriforme ugariko komunitate bat hartzen du. Puron ibaia, haranetik Burgosera bidean haitzarte eder batean sartzen da, ur zozoarentzat habitat ezin hobea sortuz.
Parketxean, jarduera honetan hasi nahi dutenentzat, prismatikoak maileguan eskaintzen ditugu doan. Edozein ibilbide hasi aurretik, gomendagarria da Hegaztiak ikusteko kode etikoa kontsultatzea, espezie basatiak eta haien habitatak errespetatzeko
Behatokiak
Espezie iheskorren behaketa errazteko, bi behatoki jarri ditugu eskura:
Hegazti txikientzako behatokia
parketxearen atzealdean kokatua. Lau lagunentzako tokia duen espazio itxi honek bisitariei aukera ematen die hegazti txikiak inolako eragozpen egin gabe behatzeko. Sarrera librea eta doakoa da; hala ere, hurrengo inprimakiaren bidez erreserba eginez gero, Parketxearen ordutegian leku bermatua izango duzu eta erreserbarik gabe gerturatzen direnen gainetik lehentasuna izango duzu: https://forms.gle/b9CEqFkz6YxioYrg9




Sai-arrearentzako behatokia
“Cubo” izeneko tokian kokatua, amildegietara eta eremu harritsuetara bereziki orientatua. Leku ezin hobea da sai arrearen eta beste hegazti harkaiztarren behaketarako. Gomendagarria da prismatikoak edo teleskopioa eramatea, harkaitz-magalek eta haien zuloek gordetzen dutena zehaztasunez ikusi ahal izateko.



Ibilbide ornitologikoak
Valderejotik hegaztiak behatzeko bereziki interesgarriak diren ibilbideak jarrai ditzakezu. Hona hemen ibilbide gomendatuenetako batzuk:
