Herriak eta kultura - valderejoparkea
Eduki publikatzailea

Herriak eta kultura
Lau herri daude parkearen barnean. Guztiek ere Arabako kultura ondare bikaina gorde dute. Leku horietako elizek, ermitek, tumuluek, menhirrek eta beste monumentu batzuek naturagune horretako gizabanakoen historia kontatzen digute. Azken batean, Valderejoko naturaz gozatzeko osagarri bikainak dira.
RIBERA
Haranaren hegoaldean kokatuta dago, Purongo haitzartearen aurretik, baina gaur egun guztiz abandonatuta dagoen herria da. Eraikin guztiak erortzear daude, muino txiki batean kokatutako eliza ez ezik. Done Ezteberen omenezkoa da, erromanikoa, eta barnean pintura interesgarriak daude. Beste elementu interesgarri batzuk atariko kapitelak dira, Erdi Aroko marrazki bereziak dituztenak, baita XV. mende erdialdeko erretaula ere. Hala ere, azken hori gaur egun Gasteizko Arte Ederren Museoan dago.


Margolanak
XX. mendeko 80ko hamarkadan Riberako Done Eztebe elizaren barnean estilo gotikoko mural batzuk deskubritu zituzten, eta horietan Bibliako hainbat pasarte jorratzen dira, besteak beste paradisutik kanporatu zituztenekoa. Done Laurendiren margolan bat ere badago, haran honetako zaindariarena. Margolanak oso garrantzitsuak dira, Arabako tenpluetan ez baitira Erdi Aroko mural asko aurkitu.




LALASTRA
Herri honetan egon zen Valderejoko Udala urte askoan zehar. Gaur egun Parke Naturalerako sarrera bertan dago kokatuta. Bertan daude zenbait zerbitzu, besteak beste parketxea eta Landa Interpretazioko Zentroa. Haran honetako beste herriek bezala, forua jaso zuen 1273. urtean. Bertako monumentuen artean nabarmentzekoak dira Santa Helena eliza, bere Errenazimendu garaiko hilobiarekin, atean oraindik ere garai Erromanikoko hondarrak dituelarik. Horrez gain, antzinako bizimodua nolakoa zen ikasteko hainbat elementu ikusi daitezke, besteak beste hauek: errota, garbitokia, ogia egiteko labea, ferratzeko zaldikoa, bolatokia, eta abar. Lalastrako kaleetatik paseatzean abandonatutako hainbat etxe ikusi daitezke, baina haran honetako herri guztietatik bakarrik bitan daude biztanleak urte osoan zehar, eta hau da horietako bat.

Gurutzarria
Lalastrara iritsi baino zertxobait aurretik, Boveda bidea gurutzatzean, gurutzarri interesgarria dago. Harrizko zutabe batean burdinazko gurutze bat dago, dirudienez XVI. mendekoa dena.

Ferratzeko zaldikoa
Antzina, laborantza lanetarako animaliak erabiltzen zituzten, besteak beste zaldiak, astoak edo idiak, eta horiek mugitzen zituzten gurdiak eta goldeak, eta horretarako beharrezkoa zen animaliei ferrak jartzea apatxetan. Modu erosoan ganaduari eusteko eta “zapata” horiek jartzeko egurrezko egitura da hain zuzen ere ferratzeko zaldikoa.

VILLAMARDONES
Vallegrullgo kareharrizko paretekiko bertikalki kokatuta Villamardones herria dago, aurreko mendeko 70ko hamarkadan abandonatua izan zena. Bertan bi monasterio egon ziren, X. eta XI. mendekoak, bata Santiagoren omenezkoa eta bestea Santa Mariaren omenezkoa. Gaur egun Haraneko Andre Mariaren Elizako hondarrak ikusi daitezke ehunka urte dituen hagin baten ondoan, eta bertan dago baita ere Done Laurendiko ermitara doan bidexka. Erretaula nagusia barrokoa zen. Elizako kanpai-horma Angostoko Andre Mariaren monasteriora eraman zuten.



Done Laurendi ermita
Anderejeko mendizerraren gainean, ia-ia haran guztia menderatzen, orain dela gutxi eraberritutako Done Laurendiren ermita dago, Valderejoko zaindariarena hain zuzen ere. Antzina bi erromeria antolatzen zituzten bertan, bata Done Joanetan (ekainaren 24an) eta bestea abuztuaren 10ean; gaur egun santu titularraren jaiegun gisa berreskuratu da.


Errota
Lalastra eta Villamardones artean, Puron ibaiaren ertzean, errota txiki bat dago. Nahiz eta antzina Valderejo bezalako landa inguruetan garia bizirauteko ezinbesteko elementua izan, gari hori Donemiliaga izeneko alboko herrira eramaten zuten ehotzera. Lalastrako errota, haranean zeuden beste batzuekin batera, neguan erabiltzen zen bakarrik garagarra eta oloa ehotzeko, ganadua elikatzeko erabiltzen zituztenak.


Argibide gehiago

Paisaia, flora eta fauna
Ikusi gehiago