Presentación Parque Natural Valderejo eu - valderejoparkea
Eduki publikatzailea
Valderejoko Parke Naturala
Valderejo Arabako mendebaldean dagoen haran txiki bat da; 1992an izendatu zuten natur parke. Arabako natur parkerik txikiena da, 3.496 hektarea baino ez ditu eta. Parke naturalak ditugu berariaz babestutako eremuak, balio ekologiko handikoak eta eder-ederrak direlako. Halako lekuetan, flora eta faunako espezie anitzak eta denboran zehar iraun duten giza jarduerak nabarmentzekoak dira eta, elementu guztien artean, ondare ekologiko eta kultural bikaina osatzen dute.
Txikia izan arren, ekosistemen eta paisaien dibertsitate handia dauka. Harrizko malkar ederrek –Recuenco, Vallegrull eta Santa Ana– inguratzen dute Puron ibaiaren haran txikia. Atzeko aldean ikusi daitezkeen laborantzek eta zelaiek adierazten dute oraindik ere mantentzen direla antzinatik gauzatzen diren abeltzaintza eta nekazaritza jarduerak. Mendietako magaletan baso handiak daude. Baso handienetan pinu gorriak dira nagusi, baina artadiak eta pagadiak ere badaude, denek batera paisaia anitza osatzen dutelarik. Urak espazio natural honetako haitzak landu ditu milaka urteetan zehar, eta horren ondorioz paisaia ikusgarriak sortu dira, besteak beste Purongo haitzartea eta ur-jausia. Eremu altuenetan lautada karstikoak estaltzen dituzte larreek, ipuruek, azeri mahatsek eta txilarrek. Askotariko animaliak bizi dira baso horietan, eta bereziki nabarmendu behar dira basakatu mukerrak edo mokoker bereziak. Zeruan arrano beltzak edo sai zuriak ikusi daitezke, baina Parke Naturaleko benetako protagonistak sai arreak dira. Valderejon hegazti harrapari sarraskijale horiek osatutako Euskal Autonomia Erkidegoko kolonia handiena dago.
Gizakiak orain dela urte askotatik bizi dira haran honetan, eta haranaren historia ondare kulturalari esker ezagutu dezakegu: monumentu megalitikoak – Done Laurendiko zelai tumularra, Lerongo menhirra–, haitzetako ermitategiak, Done Laurendi ermita, Santa Helena eliza, Lahozko eliza katolikoa eta Doneztebe eliza besteak beste. Zelaiak eta larreak basoekin, ezpeldiekin eta txilardiekin nahasten dira, eta abeltzaintza tradizionala agerian uzten dute, eta zeruan, sai arreak planeatzen egoten dira eta isilean disfrutatzen dute leku bukoliko honetako lasaitasunaz.
INFORMAZIO TEKNIKOA
Azalera
3.496 ha
Aintzatespen urtea
1992
Udalerriak
Gaubea
Babes figurak
Parke Naturala, Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE).
Gehienezko altitudea
1240 m