Paisaia, flora eta fauna valderejo - valderejoparkea
Eduki publikatzailea
Paisaia, flora eta fauna
Puron ibaiak sortu du hein handi batean Valderejoko paisaia, urte askoan zehar mendiak higatu ondoren. Ribera eta Herran arteko haitzak gogorrak dira, eta ibaia haitzarte estu batean sartzen da, ur-jausi ederrak sortzen direlarik. Haranean, gizakiek, hainbat urteetan zehar nekazaritza eta abeltzaintza gauzatu ondoren, zelaiz, laborantzaz eta herriz osatutako paisaia sortu dute. Baso galeriak espazio naturala zeharkatzen duten ibaiertzetan kokatu dira, eta horren ondorioz landa eremua koloreztatuta dago. Goi lautadetan txilardiak eta larreak sakabanatutako dolinekin eta pagoekin nahasten dira. Haitzez osatutako horma bertikalak eta baso hostotsuak, batzuk beti berde mantentzen direnak –pinudiak eta artadiak – eta beste batzuk hostoerorkorrak dituztenak –pagadiak–; guztiek ere parke honetako paisaia naturala osatzen dute.
Valderejoko paisaia aniztasuna dela-eta eta parkea oso ondo kontserbatuta dagoenez, animalia asko ikusi daitezke. Dudarik gabe hegazti harrapariak dira nagusi, besteak beste sai arreak, sai zuriak, belatz handiak eta belatz gorriak. Kota garaiagoetan bestelako hegaztiak aurki ditzakegu, gutxiago badira ere: belatxinga mokohoriak, harkaitz zozo gorriak eta tuntunak. Basoetan hainbat animalia bizi dira, besteak beste hauek: orkatzak, basurdeak, arrabioak, aztoreak, zapelatz liztorjaleak, garrapoak, basakatuak, soro muxarrak eta abar. Uretako habitatetan –ibaietan eta putzuetan–, arrainez gain (besteak beste amuarrain arruntak eta ezkailuak) urarekiko menpekotasun handia duten beste espezie batzuk daude, hauek: suge gorbatadunak, apo pintatu iberiarrak, ur zozoak, buztanikara horiak eta abar.
Valderejon hainbat zuhaitz eta zuhaixka ikusi daitezke, adibidez hauek: astigarrak, ezkiak, makalak, lizarrak, ipuruak, gurbeak, elorri zuriak, elorri beltzak, sabina feniziarrak eta abar. Pagoek, pinu basatiek eta arteek baso zabalak eratzen dituzte. Beste batzuk, esaterako erkametzak eta ametz arruntak, antzina ugariagoak ziren, baina gaur egun bakarrik unada txikiak osatzen dituzte. Harkaitzetan flora berezia hazten da, haitz biluzietan bizirauteko gai direnak hain zuzen ere. Zenbait arrakaletan haginak daude, baita beste landare espezie txikiagoak ere, besteak beste garaizkak, edo arraroagoak eta bereziagoak diren beste batzuk ere badaude, adibidez izartxo alpinoak edo Genista eliassennenii, elorri triska txiki herrestariak. Txilardietan eta larreetan hainbat lore hazten dira, askotariko orkidea ederrak nabarmentzen direlarik.
BASOAK
Espazio naturaleko zati handi batean baso hostotsu handiak daude. Espazio osoaren ia erdia pinu gorriek osatzen dute, haraneko bizilagunek egurra lortzeko landatzen baitituzte. Konifero horiek arteekin batera daude, eta guztiek ere mendietako eguterak estaltzen dituzte, eta pagoekin batera, udazkenean zenbait eremu okre koloreekin margotzen dituzte.
SAI ARREAK
Valderejon, dudarik gabe, errazen ikusi daitekeen animalia sai arrea da (Gyps fulvus). Zerura begiratzean bere forma berezia ikusi dezakegu, ordu askoan zehar planeatzen egoten baitira sarraski bila. Espazio naturaleko kareharrizko eremuetan –Vallegrull, Bovedako mendizerra eta Santa Ana– Euskal Autonomia Erkidegoko kumeen kolonia garrantzitsuena dago.
ORKIDEAK
Orkideak munduko lore ederrenetarikoak dira. Orkideen biologiaren alderdi nabarmenena polinizazioa da. Zenbait espeziek petalo bakarra dute –labelo deitzen dena–, eta intsektu espezie batzuetako emeek duten antzeko itxura dute. Modu horretan arrak erakartzen dituzte eta polinizatuak izan daitezke. Valderejon orkideen 40 espezie baino gehiago daude, eta horrenbestez, lore berezi horien aniztasun gehien duen Euskadiko lekuetako bat da.
PURON IBAIAREN HAITZARTEA
Puron ibaia Valderejoko ibai nagusia da; Bovedako mendi adarretan sortzen da eta Burgosera iritsi aurretik bi haitzartetatik igarotzen da. Lehenengoa Villamardonestik ibaian behera dago, eta bestea Ribera hegoaldean. Azken horretan, ibaia Santa Anako eta Vallegrullgo mendien artetik igarotzen da, eta ondorioz, espazio natural honetako paraje ederrenetakoa sortu da.
ORKATZAK
Orkatzak (Capreolus capreolus) Valderejoko basoetan bizi diren animalia handienetakoak dira. Zerbido txikiak dira eta ilunabarretan eta gauetan ibiltzen direnez ez da oso erraza orkatzak ikustea, baina beren aztarnak ikusi daitezke, eta araldian daudenean ohikoa da beraien “zaunka” bereziak entzutea. Basoko inguru itxienetan bizi daitezke, baina sasitzetara eta larreetara hurbiltzen dira jatera.