aves carroñeras proyecto valderejo eu - valderejoparkea
Eduki publikatzailea
Hegazti sarraskijaleak
Hegazti nekrofagoek hildako animalien hondarrak jaten dituzte. Sarraskijaleak ere deitzen dira. Gorpuak desagerrarazten adituak dira. Beraien anatomia elikagai mota hori eskuratzeko egokituta dago, eta beraien digestio aparatuak deskonposizio egoeran dagoen haragia asimilatzea baimentzen die, eta hala, agente patogenoak hedatzea mugatzen da.
Hegazti sarraskijaleak oso garrantzitsuak dira Valderejon. Parke Naturalaren logotipoan sai arre bat dago, horixe baita Valderejoko parkearen sinboloa. Valderejon Euskadiko sai arreen kolonia handienetako bat dago, 100 bikote habiagile baino gehiago daudelarik. Sai arreez gain, sai zurien bikote habiagile bat ere badago, baita beleak, belatxingak, belamikak eta bestelako sarraskijale txikiak ere. Arrano beltzak oportunista sarraskijaleak dira, eta bikote habiagile bat bizi da Valderejo eta Burgos artean.
2016an Arabako Foru Aldundia FEDER-en baterako finantzazioarekin gauzatutako POCTEFA Ecogyp proiektuan parte hartzen hasi zen, eta proiektuaren helburua Pirinioetako bioaniztasuna kontserbatzeko laguntza eskaintzea da, hegazti harraparien populazioak kudeatzeko esparru tekniko koordinatua eskainiz, jarduera produktiboei egindako ekarpenaren balioa agerraraziz (abeltzaintza eta ekoturismoa) eta sektore eta administrazioko eragileen arteko loturak indartuz.
Proiektuaren barne dauden espezieak bost hegazti harrapari dira (ugatzak, sai arreak, sai beltzak, sai zuriak eta miru gorriak). Guztiek ere "talde funtzionala" osatzen dute, eta horien ezaugarria da gizakien jardueretatik eratorritako hondakin organikoen menpekoak direla modu trofikoan, bereziki abeltzaintza estentsiboan eta intentsiboan eta horiei lotutako industria eraldatzaileetan sortutakoen menpekoak direlarik. Guztien kontserbazio egoera nahikoa larria da sai arreena izan ezik, eta horrenbestez, liburu gorrietan eta mehatxatutako espezieen katalogoetan jasota daude.
Valderejok proiektu horretan parte hartzen du hegazti sarraskijaleen behaketa leku gisa eta proiektuaren eta emaitzen dibulgazio zentro gisa.